Urte hasiera garai aproposa da osasunarekin lotutako asmo berriak, eta onak, hartzeko. Sasoian jartzeko ariketak egiteari ekitea edo elikatzeko ohitura osasuntsuak geureganatzearen tankerako erronkak jartzen dizkiogu geure buruari.
Hortaz, hona hemen gure iradokizuna: elikadura zaintzearen erronkari aurre egiteko akuilu izan dezazula, halaber, zure aho-hortzen osasuna zaintzea. Liseriketa-prozesua ahoan hasten da eta txantxarrak zein esmalte edo hortzen higatzeak erlazio zuzena izan dezakete hartzen dugunarekin. Arazo horiei aurrea hartzeko, aho-hortzen osasunerako 5 aholku dietetiko emango dizkizugu jarraian.
1. Azukrea neurrian hartu
Azukre askeetan aberatsa den dieta da txantxarraren eragile nagusienetako bat. Ahoan izaten diren hainbat bakteriak azukrea azido bihurtu eta horrek hortzaren ehun gogorrak (esmaltea eta dentina) suntsitzen ditu. Azukre askeak dira bai naturalki elikagaietan daudenak (eztia, jarabeak, fruita zukuak nahiz kontzentratuak), bai eta jakiak prozesatzerakoan, sukaldatzerakoan edo hartzerakoan gehitzen zaien azukrea ere. Kontuan izan behar dugu, gainera, azukreak gehitzen zaizkiela sarritan hasiera batean gazitzat ditugun jakiei ere. Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, komeni da hartzen ditugun azukre askeak orotara egunean hartzen ditugun kalorien % 5a baino gutxiago izatea. Beraz, gogoan hartu.
2. Kontuz azidoekin
Azukreez gain, elikagaietan dauden azidoek ere arriskuan jar ditzakete gure hortz-haginak. Horiek esmaltea higatuz gero, hortzaren atal bigun eta sensibleagoa den dentina agerian geratuko da. Egoera horretan, maiz agertzen dira txantxarra edo hortz-haginen sentsibilitatea. Hori dela eta, arretaz jokatu behar dugu fruita zukuak hartzerakoan (elikagarriak diren arren, azido ugari dutelako) edo egun hain modan dauden edari isotonikoak edaterakoan.
3. Tabakoa eta alkohola, arriskua zure ahoaren osasunarentzat
Txantxarra, ahoko infekzioak, eritasun periodontalak, ahoko minbizia… aho-hortzetako arazo ugariren jatorrian daudelako, tabakoa erretzea edota alkohola hartzea oso kaltegarriak gerta daitezke. Bi substantzia horiek gure organismoak immunologikoki erantzuteko duen gaitasuna ahuldu eta kolokan jar dezakete ahoan egindako tratamenduen arrakasta, bai kirurgikoena eta bai bestelakoena ere (birsortzaileena, esaterako), edo hortz inplanteena. Tabakoak eta alkoholak eragina du, halaber, ehun bigunengan zein mukosengan eta kaltea eragin dezakete hortz eta oietan. Gainera, biak hartzeak kalteak ugaritu ditzake.
4. Hortz eta oientzako onuragarriak diren elikagaiak
Gure ahoarentzat kaltegarri izan daitezkeen substantziekin batera, badaude mesedegarriak gerta daitezkeenak ere. Adibidez, ba al zenekien, hortzetako pastak eta aho-garbitzekoak daukaten fluorraz gain, izokina bezalako arrainak edo intxaurrak bezalako fruitu lehorrak ere fluor iturri direla? Hortzak eratzen ari direnean garrantzitsuak dira kaltzioa (esnekietan aurkitzeaz gain, barazkietan, hazietan edo zerealetan topatuko duzuna) eta D bitamina (atuna edo berdelaren tankerako arrain gantzatsuetan, perretxikuetan edo arraultzaren gorringoan izaten dena). C bitaminak (zitrikoetan eta hostodun barazkietan) oiak eta ehun bigunak indartzen ditu eta B2 bitamina (Riboflabina) lagungarria da aftak edo ultzerak sendatzeko, ehunak birsortzea ahalbidetzen duelako.
5. Zer jan garrantzitsua da, eta nola jaten dugun ere bai
Jaten dugunaren testurari so eginda, itsaskorrak edo mastekatzeko zailak diren elikagaiak ere arriskutsuak dira, hortzetan itsatsi edo janari-hondarrak hortzen artean, garbitzeko zailak diren hutsuneetan gera baitaitezke. Bestalde, hortzen puntu zehatz batean errepikakorra den frikzioak ere hortzak honda ditzake (pipitak jatean egiten denak, adibidez). Eta, jakina, kontu handiz jan behar ditugu azaldun elikagaiak, ez dezagula azal zatirik mastekatu, hortzen bat hautsi baitezakegu horrela.