Bloga

Azukrea, gure etsai nagusia

Lehengo astean Nora izeneko 3 urteko neska txiki bat etorri zen kontsultara lehen rebisio bat jasotzera.

Noraren amak goiko hortzetan orban marroixka batzuk ikusi zizkiolako ekarri zuen alaba eta susto ederra hartu zuen txantxarrak zirela azaldu nionean.

“Baina, nola da posible?” galdetu zidan. “Hainbeste txantxar hiru urterekin? Baina txutxerik ez du jaten eta!”. “Hortxe dago gakoa” erantzun nion. “Txutxeak ez dira kariesak sortzen dituzten bakarrak”.

Kontsultan txutxeen asuntoari ez diogu garrantzi handirik ematen (hauek egunero-egunero hartzen dituzten kasu berezi batzuetan izan ezik). Normalean, famili guztiek oso barneratuta izan ohi dute txutxeak osasuntsuak ez direla eta horregatik oso noizean behin hartzen den zerbait izan ohi dira.

Orduan, non dago arazoa? Ba egunerokotasunean hartzen dugun “izkutuan” dagoen azukrea da gakoa. Gaur egun, haurrek, OMSak gomendaturiko azukre kantitate maximoa baino azukre askoz gehiago hartzen dute, haien ohiko eguneroko dietan.

Noraren amarekin alabaren dieta analizatzen hasi ginen. Norak gosaltzeko azukredun zerealak hartzen zituen esnearekin; hamaiketakorako sandwicha eta zumo bat; meriendatzeko edateko iogurta eta gaileta batzuk. Jaki guzti hauek (hasiera batean txutxeak baino osasuntsuagoak diruditenak), erantsitako azukre pila bat daramate, eta hau da txantxarren kausa nagusia.

OMSaren gomendioaren arabera, haurrek 2 urte bete arte ez lukete azukre erantsirik duten jakirik hartu behar (adi, ez gara frutaren azukre intrintsekoari buruz ari). 2 urtetatik aurrera, 16 gramotik beherako kontsumoa gomendatzen da eta kantitate hau zenbat eta txikiagoa izan, hobe. Norak egunero 73,8gr azukre hartzen zituen.

Zeintzuk izan ziren Noraren amari egin nizkion gomendioak?

Lehendabizi, elikadurari dagokionez ondorengo pautak eman nizkion:

  • Orokorrean fruta eta barazkietan oinarritutako dieta osasuntsua eskeintzea.
  • Prozesatutako elikagaien etiketak irakurtzen ikasi eta erantsitako azukrea duten jakiak ekidin edo murrizten saiatzea (gailetak, azukrea duten iogurtak, zumoak, gosaltzeko azukredun zerealak, etab.)
  • Zumo edota freskagarrien ordez, beti ura eskeintzea.
  • Jatorduen artean gutxienez 2 orduko denbora tartea uzten saiatzea, listuaren pHa normalizatzea lortzeko.

Bukatzeko, hortz-garbiketaren inguruan beste gomendio hauek eman nizkion:

  • Hortzak gutxienez egunean bitan garbitzea fluorra duen hortzetako pastarekin (1000-1450ppm)
  • Txistua eta hortzetako pasta arrastoak botatzea (tu egiten badakite), urarekin garbitu gabe
  • Hortzetako haria egunean behin pasatzea (gauean hobe) hortzak garbitu baino lehen, kontaktua duten hortz-haginen artean.

Honez gain, Norari sarri sarri errebisioak egingo dizkiogu txantxar berriak agertuz gero diagnostiko goiztiar bat egin eta ahalik eta tratamendu errazena eskeini ahal izateko. Hala ere, seguru gaude emandako gomendioak txukun jarraituz gero Noraren ahoa osasuntsuko mantentzea lortuko dugula bere haurtzaro osoan zehar. Animo familia!

Copyright Clinica Dental Urumea ©2023