Bloga

Hortz sentsibilitatearen aurrean adi

Hain ohikoa izanda ere ere sarri arretarik eskaintzen ez diogun gaitz horren jatorria zein den azaltzen dizugu, garrantzizkoa baita hortz sentsibilitatearen aurrean adi egotea.

Hortzak eskuilatzean, oso beroa edo hotza dagoen zerbait hartzerakoan, ahotik aire hotza arnasterakoan edo giroko tenperatura-aldaketa nabarmena pairatzean (kanpoalde hotzetik barnealde epelera pasatzerakoan) hortzetan mina sentitzea hortz sentsibilitatea daukagunaren seinale izan daiteke.

Ziztada moduko min igarokorra eragiten du sentsibilitateak eta horren jatorria dentina agerian egotean dago. Asko dira hori eragin dezaketen arrazoiak. Dentina hortz nerbioa estaltzen duen geruza da eta, baldintza normaletan, esmalteak eta oiak estaltzen dute. Esmalteak lodiera galdu edo oiak atzera egiten badu, orduan dentina agerian geratu eta sentsibilitatea agertuko da. Zergatik? Oiak adinagatik, gaixotasunagatik edo hortzak gaizki eskuilatzeagatik egin dezakete atzera; eta esmaltearen galera eragin dezakete azidodun edariak hartzeak (fruita-zukuak, freskagarriak edo edari isotonikoak), hortzetako pasta urratzailea erabiltzeak, hortz-tratamendu desegokiek edo bruxismoa bezalako arazoek.

Dentina substantzia porotsua da. Agerian geratuz gero, tenperatura aldaketa bezalako estimuluak ziztada edo min zorrotz gisa antzematen dira estaltzen dituen nerbio-bukaeren bidez.

Beste behin, prebentzioa baliabide eraginkorra da aho-hortzen arazo horri aurre egiteko: hortz sentsibilitatearen aurrean adi egon behar dugu. Ager dadin eragozteko dentina babestuta mantendu behar dugu. Horretarako, hona hemen ohitura erraz batzuk:

  • Aho-hortzen garbiketa: erabil ezazu eskuila leun bat, urratzailea ez den hortzetako pasta eta haria, garbitzeko gaitzak diren lekuetara iristeko. Kontuan hartu eskuila ez dela betiko! (3 hilabetez behin eskuila berritzea komeni da).
  • Elikadura: azido ugari duten elikagaiak, hau da, freskagarriak, edari isotonikoak, zukuak, ozpina, ardoa eta abar neurrian hartu.
  • Ekidin beharreko ohiturak: ez erabili ahoan hortzetan kalteak eragin ditzaketen objektuak (boligrafoak, arkatzak…); saia zaitez hortzen zonalde berean eragiten duten jarduera errepikakorrak saihesten (ekilore-haziak jatea, esaterako) eta ez itzazu erabili hortzak mozteko edo irekitzeko tresna legez.

Eta gogoratu: aho-hortzetako beste edozein gaitzekin gertatzen den bezala, sentsibilitatea izanez gero, beharrezkoa da dentistarenera joatea.

Berak esango dizu zein den horri aurre egiteko biderik egokiena. Beraz, berandu baino lehen, eska ezazu hitzordua.

Copyright Clinica Dental Urumea ©2023